ARTE HARTZE ZIKLOAREN IREKIERA EGUNA · AUHEN KONTZERTUA
ARTE HARTZE ZIKLOAREN IREKIERA EGUNA · PODCAST SAIO IREKIA eta KONTZERTUA
Kulturako Arte Hartze Zikloaren irekiera eguneko programazio osoa
TAILERRA + KONTZERTUA
·
🗓️ DATA/ORDUA:
Irailak 11, barikua / 17:00 podcast saio irekia + 19:00 kontzertua
📍 LEKUA:
Faktoria, Laudio
🎫 Sarrera
Bazkideek 10€
Ez-bazkideek 12€
Ikasle eta langabetuek 8€
INFORMAZIO GEHIAGO
Arte Hartze Zikloa 2026
Irailetik azarora bitartean, Aiaraldeak Euskal Herriko ekialde eta mendebaldeko artistak bilduko ditu Arte Hartze zikloaren baitan. Topaketa, elkarlan eta hausnarketarako gune izango da egitasmoa, euskarak zubi lana eginez eta sormena kolore zein forma anitzez jantziz.
Aiaraldeako hainbat txoko zeharkatuko ditu zikloak, eta bereziki Faktoria izango du bilgune nagusi. Euskararen arnasgune den espazio honetan, artistak elkartu, elkar entzun, elkarrekin sortu eta gozatzeko aukera izango dute. Une atseginak, inspirazioa, ikaskuntzak eta elkarrekiko aitortza uztartuko dira egitarauan.
17:00 Podcast saio irekia: Euskaraz bizi, sortu eta astindu
Iaz etxearen ideiatik abiatu ginen arkitekturaz, hiriaz eta gazteen bizitzeko moduez hitz egiteko. Aurten galdera bera mahai gainean jarriko dugu, baina beste etxe bati begira: euskaraz sortzen duen etxeari. Norena da euskarazko kulturgintza? Nork egiten du? Nork kontsumitzen du? Eta, batez ere, nola egin dezakegu gazteontzat biziago, desiragarriago eta ausartago?
Podcast honetan gazte sortzaileak, aktibistak eta kultur eragileak elkartuko dira elkarrizketa bizi, informal eta zintzo batean. Euskaraz sortzeak zer ematen digun aztertuko dugu: askatasuna, komunitatea, identitatea, esperimentatzeko aukera, umorea, kontraesana eta etorkizuna.
Galdera deserosoak egingo ditugu, ideiak astinduko ditugu eta proposamen berriak irudikatuko ditugu. Zer falta zaio euskarazko kulturgintzari gazte gehiago erakartzeko? Zergatik da iraultza txiki bat gaur egun euskaraz sortzea? Eta nola eraikiko ditugu zubi berriak sortzaileen, publikoaren eta lurraldeen artean?
Podcasta publikoaren aurrean grabatuko da, solasaldiaren freskotasuna eta espontaneotasuna galdu gabe. Elkarrizketa baino gehiago izango da: ideiak probatzeko laborategi bat, eztabaidarako plaza bat eta euskarazko sorkuntzaren etorkizuna irudikatzeko espazio partekatua. Euskara sortzen den hizkuntza ere bada. Eta sortzen den bitartean, bizirik dagoena.
19:00 Auhen taldearen kontzertua
Rapetik abiatu eta haren mugak zabaltzen dituen proposamena da Auhen. Odei Barroso, Pierre Sangla, Peio Lambert, Xabi Etcheverry, Bastien Marianne eta Patxi Amuletek osatutako seikote lapurtarrak hitzaren indarra eta soinu-geruza askotarikoak uztartzen ditu, atmosfera trinko eta ñabarduratsua eraikiz.
Bi urteko sormen-prozesuaren ondoren kaleratu dute bost kantuz osatutako lehen EPa. Raparen kodeak oinarri hartuta, taldeko kide bakoitzaren nortasuna ageri da kantuetan, intentsitatearen eta barealdiaren artean mugitzen den proposamen musikala osatuz.
☎️ HARREMANETARAKO
Telefono zenbakia (Libe eta Ixi): 633 51 73 83
FAKTORIAKO BAZKIDEA EZ BAZARA
Webgune honetako erosketetan ez-bazkideentzako prezioak ezarriko zaizkizu.
Gogoratu Faktoriako bazkide izateak onura eta deskontu ugari ematen dizkizula. Egin bazkide!
Horren gaineko informazioa hemen kontsultatu dezakezu.
FAKTORIAKO BAZKIDEA BAZARA
Gogoratu bazkide izateagatik webgune honetan egiten dituzun erosketetan deskontuak dituzula.
Deskontu bidezko erosketa egin ahal izateko, zure erabiltzaile e-postarekin eta pasahitzarekin logeatu beharra duzu: "Saioa hasi" .
Arazoak badituzu zure kontu bidez webgunean sartzeko jar zaitez gurekin harremanetan:
688 64 79 42 telefonoan gaude..